Firefox 3 - Bertsio oharrak

3.0.5 bertsioa, 2008ko abenduaren 16an argitaratua
Ezagutu berrikuntzak, arazo ezagunak eta Firefoxen azken bertsioari buruzko ohiko galderak. Ohi bezala, zure iritzia helaraztera bultzatzen zaitugu, iritzi inprimaki hau betez edo Bugzillan akats baten berri emanez.

Firefox 3.0.5 bertsioaren berrikuntzak

Firefox 3.0.5 bertsioak Firefox 3.0.4 bertsioan aurkitutako zenbait arazo konpontzen ditu:

  • Zenbait segurtasun arazo konponduta.
  • Zenbait egonkortasun arazo konponduta.
  • Orain eskuragarri daude bengaliera, esperanto, galiziera, hindi eta letonierazko bertsio ofizialak.
  • Azken-Erabiltzailearen Lizentzia Kontratua ordezkatu da aurrenekoz abiaraztean azalduko den "Ezagutu zure eskubideak" informazio barra berriarekin.
  • Sinatutako XPI ugari aldi berean instalatzean, Firefoxen bertsio zaharragoek huts egiten zuten.
  • Irisgarritasunaren inplementazioan aurkitutako zenbait arazo konponduta.
  • Hutsegiteen berriemaileak darabilzun sistema eragile zehatzari buruzko sistemaren oharrak bidaltzeko gaitasuna dauka orain.
  • Ikusi Firefox 3.0.4 bertsioaren oharrak aldaketa zaharragoetarako.

Ikusi konpondutako bugen zerrenda osoa.

Sistemaren beharrak

Instalatu baino lehen, ziurtatu zure konputagailuak sistemaren beharrak betetzen dituela.

Deskargatu

Mozillak Firefox 3 Windows, Linux, eta Mac OS Xrako eskuragarri jartzen du hizkuntza ugaritan. Hemen lor dezakezu Firefox 3ren azken bertsioa. Mozilla.org-ek eskaintzen ez dituen beste sistema edo hizkuntzetarako ikusi Laguntzaileen Build-ak atala dokumentu honen amaieran.

Instalatu

Kontuan izan Firefox 3 instalatuz zure Firefox instalazio zaharra gainidatziko dela. Ez duzu laster-markarik edo historiarik galduko, baina zure zenbait hedapen eta beste motako gehigarrik funtzionatzeari utz diezaiokete hauentzako eguneraketak argitaratu arte.

Desinstalatu

Firefox 3 desinstala dezakezu, Windowsen Hasi menuko Kontrol-panela erabiliz, Mac OS Xn Firefox aplikazioa ezabatuz, eta Linuxen firefox karpeta ezabatuz.

Firefox 3 desinstalatuz ez dituzu laster-markak, nabigazio historia, hedapenak edo beste gehigarriak ezabatuko. Datu hauek zure profilaren karpetan daude gordeta, eta hau sistema eragilearen arabera ondorengo lekuetatik baten egongo da:

Windows Vista Users\<ErabiltzaileIzena>\AppData\Roaming\Mozilla\Firefox
Windows 2000, XP, Server 2003 Documents and Settings\<ErabilzaileIzena>\Application Data\Mozilla\Firefox
Mac OS X ~/Library/Application Support/Firefox
Linux eta Unix sistemak ~/.mozilla/firefox

Firefox 3 ezabatu ostean instalatzen duzun edozein Firefox bertsiok profilaren karpeta honetako datuak erabiliko ditu.

Hedapenak eta gaiak

Litekeena da Firefox 2n instalatutako hedapenak Firefox 3rako baliagarriak ez izatea edota eguneratu beharra izatea. Mesedez, jakinarazi edozein arazo hedapenaren mantenuaren kargu dagoenari. Firefox 3 instalatzean zure hedapen eta gai guztiak ezgaituko dira Firefox 3k honako erabakietako bat hartu arte: a) Firefox 3 bertsioarekin bateragarriak dira edo b) bateragarriak diren bertsio berriak daude eskuragai.

Arazo ezagunak

Zerrenda honetan azaltzen dira Firefox 3ren arazo ezagunak. Mesedez, irakurri hau arazo berriak jakinarazi baino lehen.

Sistema guztiak
  • Firefox haustean Flash edukia aktibo badago, Hutsegiteen Berriemailea ez da aktibatuko (422308 buga). Arazo hau konponduta dago Flash 10 bertsioan.
  • Aurrena historiaren alboko barratik sarrera bat ezabatu eta gero "Garbitu datu pribatuak" tresna erabiltzeak Firefoxen haustura eragin dezake (426275 buga)
  • Kode zaharkituaren menpe zeuden zenbait gehigarri ez dira ongi instalatuko (ikusi 406807 buga)
  • Pribatutasuna > Historia > Mantendu nire historia gutxienez "0" egun aukeratzeak ez du funtzionatzen (366075 buga)
  • Zenbait webgune (esaterako mlb.com) ez dute behar bezala detektatzen Silverlight instalatuta dagoen eta ez dute ondo funtzionatzen (432371 buga). Arazo hau Silverlight 2.0 beta bertsioarekin konpontzen da.
  • DOM Inspektorea ezabatua izan da eta orain gehigarri gisa dago eskuragai.
  • Cross-Site XmlHttpRequest sostengua ezabatu da zehaztapena egonkortu eta segurtasun modeloa hobetu artean (424923 buga)
  • "Firefox(e)k pasahitz hau gogoratzea nahi duzu?" galdera ukatu ostean, batzuetan ez da posible fokoa inprimakien eremuetara zuzentzea orria birkargatu gabe (433942 buga)
  • Helbide-barra berria, Laster-marka egin leihoa eta Deskarga kudeatzailearen informazio popup-a ez dabiltza ongi Window-Eyes erabiliz (393398 buga). Arazo hau konponduta dago Window-Eyesen bertsio berrian.
Microsoft Windows
  • Windows Vista eta Windowsen beste zenbait bertsio Windows Media Player (WMP) plugin bat gabe datoz. Windows Media edukia ikusteko plugin hori instalatu beharra dago, pausu hauek jarraituz. Instalatu ostean litekeena da Windowsen eguneraketak arakatu beharra pluginak edukia egoki erakuts dezan.
  • Google Desktop Search instalazio zaharrak darabiltzaten erabiltzaileek abioan hausturak antzeman ditzakete; Google Desktop Search berrinstalatzean konpontzen da arazoa (401513 buga)
Mac OS X
  • IPv6 routinga jasaten ez duen sareko kokaleku batetik IPv6 erabiltzen saiatzen bazara zure DNS lookup-ak oso motelak izan daitezke. Ezarri network.dns.disableIPv6 aukera true egoeran arazoa saihesteko (417689 buga)
  • "Fitxategia" menuko itemak inaktibo gisa ikusten dira "Inprimatu" aukera erabili ostean - fitxaz aldatuta arazoa konpontzen da (425844 buga)
Linux eta Unix
  • Ubuntu 7.10 darabilten erabiltzaileek euren ziurtagiri datu baseak eguneratu beharra izango dute hutsegiteen berri eman ahal izateko (407748 buga jarraitu beharreko pausuekin)
  • Saguaren botoi ezarpenak Atzera eta Aurrera ekintzetarako aldatu egin dira, erabiltzaileek sarrera gailuak birkonfiguratu beharko dituzte (420294 buga)
  • NVIDIA driver/kontrolatzaileen eta X zerbitzariaren zenbait bertsioren arteko bateraezintasunek eskalatutako irudiak gaizki prozesatzea eragiten du (411831 buga)
  • Orca pantaila irakurtzeko softwareak ez ditu testu batzuk irakurtzen, adibidez pasahitza gogoratzeko oharra, gunearen identitatearen informazioa, edo bilaketa eremuetako testu lehenetsia - arazo hauek Orcaren arazo ezagunak dira (ikusi Gnomeren 533109 eta 533125 bugak)

Arazoen konponketa

  • Gaizki diseinatutako hedapenek, edo bateragarriak ez direnek, zure nabigatzaileari arazoak eragin diezaiokete, bai hutsegiteak eraginez, bai orrien bistaratzea motelduz,... Arazo bitxiekin topo egiten baduzu (nabigatzailearen zati batzuek ez funtzionatzea, nabigatzailea ez abiaraztea, itxura bitxiko leihoak, errendimendu kaxkarra,...) litekeena da hedapen edo gairen baten erruz izatea. Berrabiarazi nabigatzailea Modu Segurua erabiliz. Windowsen, abiarazi Hasi menuko "Modu Segurua" lasterbidearen bidez edo firefox.exe -safe-mode exekutatuz. Linuxpean, abiarazi ./firefox -safe-mode eta Mac OS X sistemarekin exekutatu:

    cd /Applications/Firefox.app/Contents/MacOS/
    ./firefox-bin -safe-mode

    Modu Seguruan abiaraztean hedapen guztiak ezgaitzen dira, eta gai lehenetsia erabiltzen da. Ezgaitu arazoa eragiten duen hedapena/gaia eta berrabiarazi era arruntean.
  • Zure erabiltzaile profilarekin instalatutako hedapen bat (hau da, zerorrek web orri batetik instalatua) desinstalatzen baduzu eta ondoren erabiltzaile profil guztientzako instalatu nahi baduzu hedapen bera -install-global-extension agindu lerroko etiketa erabiliz, nabigatzailea behin berrabiarazi beharra duzu hedapen horren aztarnak profilaren hedapenen datu basetik ezabatzeko. Hau egin ezean hedapenen zerrendan nahaste bat eragingo duzu, eta ezin izango da hedapena globalki instalatu.
  • Laster-marka, deskarga, leihoen kokapen, tresna-barra, historia, edo beste ezarpenekin loturiko arazo bitxiak antzematen badituzu, profil berri bat sortu eta arazoa berreragiten saiatzea gomendatzen da, arazoaren berri eman baino lehen. Profil berri bat sortzeko abiarazi Firefox agindu lerroko -P argumentua erabiliz, sakatu "Kudeatu profilak" eta ondoren hautatu "Sortu profila...". Migratu zure ezarpen fitxategiak (laster-markak, gordetako pasahitzak, etab.) banan-banan, aldaketak ziurtatuz arazoa berriro azaltzen den ikusteko. Arazoa eragiten ari dena profilaren fitxategi jakin bat dela ikusten baduzu, sortu bug bat eta erantsi fitxategi hori.

Ohiko galderak

  1. Nora jo nezake Firefoxekin arazoak ditudanean?

    Joan zaitez Firefoxen Laguntza orrira, edo bota zure galdera laguntza berri-taldean.

  2. Proiektuan lagundu nahiko nuke - zer egin dezaket?

    Garatzaile eta testatzaileen laguntzaren beharrean gaude, hauen feedbackarekin Firefox are hobe bihurtzeko. Irakurri ohar hauek eta bug baten berri emateko pausuak edozein arazo Bugzillan jakinarazi baino lehen. Zure iritzia edo feedbacka guregana helarazteko feedback inprimakia erabil dezakezu.

  3. Non lor ditzaket hedapenak eta gaiak (gehigarriak)?

    Hedapenak eta gaiak eskuratzeko sartu Firefoxerako gehigarrien gunean.

  4. Nork sortu du Firefox 3?

    Jende mordoak. Aukeratu Laguntza->Mozilla Firefox(r)i buruz, Kredituak (zure nabigatzailean) Firefox 3 garatzen lagundu duten zenbait pertsonaren zerrenda ikusteko.

  5. Non dago Firefox 3ren iturburu-kodea?

    Firefox 3ren iturburu-kodedun tarball bat deskarga daiteke. Garapenaren azken kodea cvs bidez eskura daiteke. Firefoxerako soilik den kodea "mozilla/browser", "mozilla/toolkit", eta "mozilla/chrome" direktorioetan dago. Mesedez jarraitu eraikitzeko pausuak.

  6. Non dago posta bezeroa?

    Firefox 3k zure sistemako posta bezero lehenetsiarekin lan egiten du, dena dela. Hala era, gure gomendioa Mozilla Thunderbird erabiltzea da, gure hurrengo belaunaldiko posta bezeroa eta Firefoxerako osagai perfektua.

Laguntzaileen build-ak

Build hauek ez dira ofizialak eta baliteke Mozillaren build ofizialen konfigurazioarekiko ezberdintasunak izatea. Litekeena da ere plataforma jakin baterako optimizatuta edota testatuta egotea. Laguntzaileen build eskuragarriak arakatzeko zoaz FTP gunera.