Firefoxen ezaugarriak

Weba erabiltzen duzun modua aldatzeko hainbat arrazoi.

Ezaugarri deigarrienak

Pasahitz kudeatzailea

Pasahitzak gogoratu popup bat ere ikusi gabe.

Laster-markak klik batean

Webguneak arin eta erraz antolatu eta bilatu laster-markak erabiliz.

Errendimendu hobea

Web orriak arinago ikusi eta ordenagailuaren memoria gutxiago kontsumitu.

Helbide-barra adimentsua

Gogoko dituzun lekuak segundotan topatu - hitz esanguratsua idatzi eta berehala topatu.

Webguneen berehalako identifikazioa

Guneen identitate sistemarekin online iruzurrak, transakzio arriskutsuak eta faltsutzeak saihestu.

Zoom osoa

Web orri baten edozein zati segundotan gertutik eta modu irakurterrazean ikusi.

Itxura plataformarekin integratuta

Sistema eragilearekin gutiz integratuta dagoen nabigatzailea erabili.

Gora itzuli

Pertsonala

Biltegia

Nabigazio ahalik eta eraginkorragoa izan. Historia (bisitatutako webgune guztiak) eta laster-markak (gordetako webgune guztiak) biltegian gordetzen dira. Modu honetan erraz antolatu eta bilatu daitezke. Maiz egindako bilaketak karpeta dinamiko azkarretan gorde daitezke. Karpeta hauek laster-markak eta historia hazten den heinean eguneratzen dira.

Etiketak

Webguneak zuretzako esanguratsuak diren hitzekin etiketatu. Esate baterako, www.berria.info guneari "berriak" eta "euskara" etiketak jarri eta www.bbc.co.uk guneari "berriak" etiketa jar diezaiokezu. Helbide-barran "berriak" hitza idaztean bi lekuak agertuko dira aukera moduan. Gune bakar batek hainbat etiketa izan ditzake eta ez dago inolako mugarik sortutako etiketa kopuruan. Batzutan orri baten izena ez dugu gogoratzen, baina esanahi logikoa duten etiketak erabilita erraz aurkituko dugu.


Helbide-barra adimentsua

Helbide-barra adimentsua, pantaila-argazkia

Gogoko dituzun webguneak bisitatzeko modu arina, nahiz eta helbidea guztiz ez gogoratu. Firefox 3k dakarren helbide-barra berriak ikasteko ahalmena du. Hain da aurreratua "Barra Txundigarria" deitzen diogu. Denborarekin zure hobespenetara moldatzen da eta emaitza hobeak ematen ditu. Hitz bat idatzi eta berehala osatze automatikoak webguneen zerrenda bat aurkeztuko dizu historia, laster-marka eta ezarritako etiketetan oinarrituta. Adibidez, "librea" hitza idatziz gero http://www.librezale.org/ bezalako webgunea aurkituko duzu erraz, idatzitako hitza nabarmenduta agertzen delarik.


Laster-markak klik batean

Laster-markak klik batean, pantaila-argazkia

Laster-markak nahi duzun moduan kudeatu. Helbide-barraren eskumaldean agertzen den izartxoan klik bakarra eginda orri horren laster-marka sortzen da. Klik bikoitza eginda laster-marka kokatu eta etiketak gehitzeko aukera izango duzu. Laster-markak karpeta desberdinetan gorde, izen egokia eman eta gaiaren arabera antolatu ("lan bila" edo "erosketak" esate baterako). Bilatzeko momentuan helbide-barran etiketa, orriaren izena edo lotura duen hitzen bat idatzita orria amen batean topatuko duzu. Etiketa eta laster-marken izenak zenbat eta gehiago erabili, sistema gero eta hobeto moldatuko da zure hobespenetara.

Laster-marken karpeta adimentsuak

Karpeta dinamiko hauek gogokoen dituzun orriak bisitatzeko bide erraza eskaintzen dizute. Laster-marken menuan edo barran kokatu daitezke. Lehenetsitako instalazioarekin laster-marken barran honelako batzuk sortu dizkizugu. Hauetariko batek gehien bisitatutako orriak erakusten dizkizu.


Gora itzuli

Segurtasuna eta pribatutasuna

Webguneen berehalako identifikazioa, pantaila-argazkia

Webguneen berehalako identifikazioa

Erosketa bat egin baino lehen webgune baten zilegitasuna %100ean ziurtatu nahi al duzu? Gunearen favicon-ean klik egin identitatea berehala gainbegiratzeko. Beste klik batekin argibide gehiago: zenbat aldiz bisitatu duzu dagoeneko? zure pasahitzak gordeta al daude? Gune susmagarriak begiratu, iruzurrak saihestu eta gunea benetakoa dela ziurtatu.

Malwarearen kontrakoa

Firefox 3k birus, zizare, troiako zaldi eta spywareaz babesten zaitu. Halabeharrez gune erasotzaile bat bisitatzen baduzu, tamaina handiko oharra jasoko duzu. Gune erasotzaileen zerrenda bat momentu oro eguneratuta daukagu gure zerbitzarietan zure lasaitasunerako. Zure aldetik ez duzu ezer eguneratu behar.

Malwarearen kontrakoa, pantaila-argazkia

Phishingaren kontrakoa

Erosketak eta negozioak modu ziurrean egin. Firefoxek faltsukerietan ibiltzen diren guneen zerrenda mantentzen du. Egunean 48 aldiz eguneratua. Gune maltzur batek benetan fidatzen zaren gune baten antza hartzen duenean iruzurra sartzeko asmoarekin, nabigatzaileak mezu handi bat erakutsiko dizu.

Gurasoen kontrola

Firefox 3k Windows Vistan sartutako gurasoen kontrolaren hobespenak betearazten ditu. Firefoxen diseinu intuitiboak konfiguraziorik egokiena sortzen laguntzen dizu.

Birusen kontrako programak

Firefox 3 birusen kontrako programekin guztiz integratzen da. Fitxategi bat deskargatzerakoan birusen kontrako programak automatikoki fitxategia egiaztatzen du zure ordenagailua birus eta bestelako malwareaz babesteko. [Windowserako bakarrik]

Gehigarriak

Firefoxek konexio seguruak bilatzen ditu gehigarriak, hirugarren enpresek egindako programak eta "Personas"ak instalatu edo eguneratzean.

Pasahitz kudeatzailea

Nabigatze esperientziarekin batera guztiz integratutako ezaugarria dugu. Guneen pasahitzak "gogoratzea" hautatu inolako popup nekagarririk gabe. Pasahitzak gogoratzeko oharra orriaren goiko partean integratuta ikusiko duzu oraindik aurrera.

Pasahitz kudeatzailea, pantaila-argazkia

Garbitu datu pribatuak

Klik bakarra eginda edo laster-tekla baten bidez datu pribatuak automatikoki garbitu daitezke. Honi esker zure ordenagailuan edo liburutegiko ordenagailuan zure informazio pribatua erraz ezabatu daiteke. Zein erraza den!

Segurtasun hobespen pertsonalizatuak

Firefoxek gune bati dedikatzen dion zaintza maila kontrolatu eta konfiantzazko lekuak zehaztu. Pasahitzak, cookieak, irudien karga eta gehigarrien instalazioaren hobespenak guztiz pertsonalizatu web esperientzia boteretsua lortuz.

Eguneraketa automatikoa

Kode-irekiko filosofiak aurkitutako segurtasun arazoak konpontzeko eguneraketak ziztu bizian ateratzea baimentzen digu. Modu honetan Firefox nabigatzeko modurik seguruena bihurtzen da. Eguneraketak instalatzeko ohar automatikoak jasoko dituzu, momentuan instalatzeko edo prest zaudenean egiteko.

Gora itzuli

Pertsonalizazioa

Gehigarri kudeatzailea, pantaila-argazkia

Gehigarri kudeatzailea

Jadanik gehigarrien webgunea bisitatzea ez da beharrezkoa. Gehigarri kudeatzaile berria martxan jarri eta gehigarriak nabigatzailean bertan bilatu eta instala ditzakezu. Ez dakizula zein den gehigarririk egokiena? Sailkapenak, gomendioak, deskribapenak eta gehigarrien irudiak aukeraketa egokia egiten lagunduko zaituzte. Guztiz integratutako gehigarri kudeatzaileak beste batzuek garatutako gehigarriak ere ikusi, kudeatu eta ezgaitzea baimentzen digu.


Pertsonalizatzeko 5.000 modu eta gehiago

5.000 Firefoxerako gehigarri baino gehiago duen liburutegiak mugarik gabeko aukerak eskaintzen dizkigu. Online enkanteak kudeatu, argazki digitalak igo, eguraldiaren iragarpenaren berri berehala izan eta musika entzun nabigatzailean integratutako gehigarriekin. Ez duzu zertan zeregin bakoitzeko leiho/fitxa berri bat ireki behar. Web garapena eta kodeketa hobetzeko lagungarriak diren gehigarriak ere badaude, webgune baten egitura zehazki aztertzea baimentzen dizun Firebug, esate baterako.

Nabigatzailearen itxura

Nabigatzailea zure gustura jantzi. Gaiak erabiliz, espaziontzi baten kontrol-panela aukeratu, egurraren antza duten panelak jarri edo bestelako hainbat bitxikeriaz inguratu zaitezke. Personas erabiliz, ziztu bizian nabigatzailearen azala aldatu daiteke. (Personas Mozilla Laborategien proiektu bat da.)

Gehigarrietatik haratago

Gehigarriak pertsonalizazioaren muina izanda ere, Firefoxen egokitzapena ez da hor gelditzen. Bilaketa-motorrak gehitu, barren hobespenak aldatu, nabigazio botoien itxura, tamaina eta formak aldatu ... hobespen osagarriekin, Gmail bezalako web posta bezeroa lehenetsi dezakezu posta helbide batean klik egitean mezu berria prestatzeko edo gustukoak dituzun blogen berriak lehenetsitako aplikazioan ireki ahal izateko.

Gora itzuli

Produktibitatea

Plataformara egokitutako itxura

Firefox berriak etxekoa dirudi, laguna bezala. Windows Vista, Windows XP, Mac zein Linux erabili, nabigatzailea ordenagailuaren ingurunean integratzen da. Itxura natibo honen bidez interakzio bikaina lortzen da erabiltzailearekin.

Jario irakurgailua

Berrien jarioak web zerbitzu baten bidez, bezero baten bidez edo Firefoxek integratzen dituen laster-marka dinamikoen bidez irakur daitezke. Ez duzu zertan weba arakatu behar azken berriak jasotzeko. Egunkarietako azken tituluak zuzenean tresna-barran edo menuan ikusi eta gogoko dituzun artikuluak klik baten bidez bisitatu.


Deskarga kudeatzailea, pantaila-argazkia

Deskarga kudeatzailea

Guztiz berritua dagoen kudeatzaileak oraindik segurtasun handiagoarekin zuzenduko ditu zure deskargak. Pausatu eta berrekin ezaugarriekin ez duzu zertan deskarga bukatu arte itxaron konexioa mozteko. Berri Txarrak taldeko azken diskoaren deskargaren erdian autobusa hartzeko ordua ailegatzen bada, deskarga pausatu eta berriz berrekin etxera heltzean. Berrekin funtzioa sistemaren hutsegite baten ostean ere erabil daiteke. Kudeatzaile berri honek deskargaren egoera erakusten du eta bilaketak egiteko aukera ematen dizu, izenaren gainean edota web helbidearen gainean.


Ortografia zuzentzailea

Integratutako ortografia zuzentzaileak edozein web orritan (blogetan idaztean, web posta mezuak idaztean, ...) testuen idazketa errazten digu, ortografia akatsak momentuan antzematen. Webarekin zuzenean lan egin zure bizitza erraztuz.

Ortografia zuzentzailea, pantaila-argazkia

Saioa berreskuratzea

Firefox bapatean eta nahi gabe ixten denean, ez duzu zertan irekita zeuden leihoak berreskuratzen denbora galdu behar. Posta elektroniko mezu bat idazten ari bazinen ere, idatzitako azken hitza berreskuratuko duzu. Saioaren berreskuratzearekin irekitako leiho eta fitxak berriz irekitzen dira, idatzitako testuak eta martxan zeuden deskargak berreskuratzen. Gehigarri bat instalatu ostean edo software eguneraketa baten ostean nabigatzailea berrabiarazi eta saioa berreskuratu daiteke.

Zoom osoa

Gogokoen duzun berrien orria bisitatzean, argazkiaren azpian dagoen letra txikia edo argazkia bera nahiago duzun tamainan ikus dezakezu. Zoom berriaren ezaugarri dotore honekin orri osoa handitu dezakezu. Espero duzun moduan eskalatuko da orria, osatzen duten elementu guztiak modu berean tamainaz aldatuta.

Irudien deskarga

Denbora eta banda-zabalera aurreztu nahi baduzu, edozein orri irudirik gabe ikus dezakezu. Orria bisitatzen duzun hurrengoan Firefoxek hobespena gogoratuko du.

Gora itzuli

Fitxak

Gorde irtetzean

Oraindik aurrera Firefox irekitzean fitxak eta leihoak azken aldiz utzi zenituen bezala agertuko dira. Saioa irekitzen duzun bakoitzean ez duzu zertan leiho guztiak ireki behar.

Fitxak

Lehen begiratuan, bisitatzen ari zaren gunearen gainean bizi diren etiketak dirudite. Baina hainbat gune aldi berean bisitatzeko lanabes bikaina dira fitxak. Ondo antolatuta dagoen fitxategi fisiko baten banatzaileak moduan ikus daitezke fitxak, web orriak fitxategiaren karpeten edukiak direlarik. Gune berriak fitxa berrietan agertuko dira (ez leiho berrietan) eta klik baten bidez ikus daitezke.

Fitxak, pantaila-argazkia

Itxitako fitxak berriz ireki

Fitxa bat nahi gabe ixten baduzu, klik bakarrarekin erraza da berriz irekitzea. Historia menuan, "Azkenaldian itxitako fitxak" zabaldu eta berriz ireki nahi duzun fitxa aukeratu.

Arrastatu eta berrantolatu fitxak

Guneak antolatuta mantendu. Arratoiaren mugimendu erraz baten bidez fitxak arrastatu eta gura duzun ordenean antolatu.

Scroll atsegina

Gogokoen dituzun 20 orriak aldi berean irekita edukitzea gustuko? Ezaugarri berri eta dotore honek fitxen artean scroll egitea errazten dizu.

Gora itzuli

Sarbide unibertsala

Pertsonalizazio unibertsala

Itzulpenetik haratago joan eta benetan zuretzako zentzua duen webaz gozatu. Munduko toki bakoitzeko garatzaileak lekuan lekuko Firefoxen bertsioa pertsonalizatu dute tokiko hiztegiekin, bilaketa-motorrekin, laster-marka dinamikoekin eta web jarioekin. Bizi zaren lekuaren arabera, Berria.info-ko titularrak ikusi ahal izango dituzu edo Txinan kokatutako Baidu bilatzailean bilaketak egiteko aukera izango duzu.

Firefoxen hizkuntza

Firefoxek euskaraz hitz egiten du beste edozein nabigatzailek ez bezala. Weba mundu osoan zehar hedatzen den baliabide bat da eta pertsona guztiona da. Horregatik ahalik eta hizkuntza gehien hitz egiten ditu Firefoxek. 40 hizkuntza baino gehiagotara dago itzulita, frantses edo txineratik, finlandiera edo txekierararte. Topatu zure hizkuntza.


Irisgarritasunaren alde

Sakatu beharreko teklak gero eta gutxiago dira, web orrietan zoomak baimentzen ditu, gero eta pantaila irakurle gehiago onartzen ditu,... Firefox ezinduentzako askoz erabilterrazagoa da.

Testuen prozesatze hobea, pantaila-argazkia

Testuen prozesatze hobea

Zure hizkuntza idatzia bizitza errealean idazten den moduan irakurri. Motor grafiko berriarekin, arabiera, persiera, eta bestelako hizkuntzak orain askoz hobeto irakurtzen dira.

Gora itzuli

Errendimendua

Memoriaren kudeaketa hobea

Kudeaketa funtzio berri guztiak martxan daudela, Firefox 3k memoriaren erabilpena kontrolpean dauka. XPCOM ziklo biltzailea erabili gabeko memoria etengabe askatzen dabil. Bestetik, ehundaka memoria jario orain kontrolpean daude.

JavaScript arinagoa

JavaScript 1.8rekin Firefoxek web garapen hobea bermatzen du, adierazpenen itxiera, sorrera eta arrayen txikitzea.

Memoria erabilpen txikiagoa

Berbarik onena, laburrena: Firefoxek lan egiteko zure ordenagailuari inoiz baino memoria gutxiago eskatzen dio.

Orriak arinago kargatzea

Orrien prozesatze-motorra birdiseinatu da web orriak oraindik arinago kargatu daitezen.

Motor grafiko hobetua

Firefox 3k dakarren motor grafiko berriak dakartzan onura askoren artean testuen prozesatze hobetua aipatu daiteke.

Gora itzuli

Estandarrak

Grafiko aurreratuak

Sinesteko ikusi behar. Gure motor grafiko berriari esker testu eta grafikoen prozesatzea, SVG eta Canvas barne, inoiz baino arinagoa, zorrotzagoa eta errealagoa da.

Online aplikazioen sostengua

Web aplikazioen boterea zabaldu. Garai batean web orri baten posta elektroniko helbide batean klik egitean ordenagailuan lehenetsitako posta bezeroa irekitzen zen, nahiz eta programa hori inoiz erabilia ez izan. Gaur egun web posta bezeroak aukeratu ahal dituzu (Hotmail, Gmail edo Yahoo! Mail bezalakoak) mota honetako loturak irekitzeko.

Web teknologia aurreratuen sostengua

Webguneen garatzaileak sortu berriak diren teknologia aurreratuak erabiltzen dituzte aplikazio eta eduki berriak sortzeko. Firefoxek beste hainbaten artean hauek onartzen ditu: CSS, ACID2, MathML, ECMAScript 4, Animated Portable Network Graphics (APNG), mikroformatuak,... Onartutako teknologien zerrenda osoa ikusi.

Koloreen profilen sostengua

Argazkilari eta argazkizaleok, Firefoxek eskaintzen dizuen webaren ikusmena hobetu egin da. Irudiak prozesatzeko, datu teknikoak (argiaren kantitatea edo distantziarik egokiena) erabiltzen dituzten teknologia berriak aktibatu ahal dituzu.

Lineaz kanpo nabigatzea

Lineaz kanpo zaudela informazioa eskuragarri izango duzu. Horretarako prestatua dauden guneak (web posta adibidez) etengabe irekita izatea bermatzen digute, nahiz eta lineaz kanpo egon. Hainbat leku oraindik ez daude ezaugarri honekin lan egiteko prest. Zer dabilen eta zer ez dabilen jakin ezazu.

Gora itzuli

Laguntza

Laguntza zuzena

Batzutan pertsona erreal eta elkarrizketa erreal baten beharra daukagu zenbait arazo konpontzeko. Gure zuzeneko txat guneetan, Firefox komunitateko adituekin zuzenean hitz egin dezakezu arazoak konpontzeko. Ez duzu zertan itxaron-eta-itxaron behar... arazoak momentuan konpondu daitezke.

Firefoxen laguntza

Laguntza espero duzun tokian dago, eta batzutan espero ez dituzun tokietan ere badago. Nabigatzailearen goiko partean laguntza gunera eramango zaituen lotura dago. Sakonago murgildu nahi edo benetan galdera zaila al duzu?

Firefoxen laguntza, pantaila-argazkia

Firefoxen laguntza orrian artikuluen datu base zabala duzu, foroak, eskuliburuak,... behar dituzun konponbideak eta aholkuak topatzeko lekurik aproposena.