Ezaugarriak
Gozatu Web Esperientzia Hobeaz
Gauza ugari dago egiteko webean, eta Firefox 2 ezaugarri lagungarriz beterik dago nabigatzen igarotzen duzun denbora emankorragoa izan dadin.
Fitxa Bidezko Nabigazio Hobetua
Zuk beste maite ditugu fitxak guk ere, beraz Firefox 2k orri berriak fitxetan irekiko ditu aukera lehenetsi gisa. Fitxa horietariko bakoitzak ixteko bere botoia dauka, baina nahi gabe fitxa bat ixten baduzu ez kezkatu, zoaz Historia menura eta eskuratu bertako “Azkenaldian Itxitako Fitxak” azpimenutik. Ez duzu inoiz gehiago leku arazorik izango ere. Lehio bakar batean fitxa gehiegi irekita badauzkazu, korritze geziak ageriko dira albo bietan, eta eskumaldean botoi bat egongo da beti, irekita dituzun fitxa guztien zerrenda irakurterraza erakutsiz.
Saioen Berreskuraketa
Webean gauzak egiten zabiltzala dena galtzea mingarria da. Orain, Saioen Berreskuraketarekin, Firefox berrabiarazi behar bada edo ixten bada, berriz abiaraztean utzi zenuen lekutik jarraituko ahalko duzu. Irekita zenituen leiho eta fitxak, inprimakietan idatzitako testua, eta abian zeuden deskargak berreskuratuko dituzu. Gainera, beti aurreko saioa berreskura dezan konfigura dezakezu Firefox 2, hasiera orri bat ireki beharrean.
Ortografia Zuzenketa
Batzuetan, presaka zabiltza, eta ezin duzu gogoratu ea hitz bat “z”rekin edo “s”rekin den. Firefox 2k barneraturiko ortografia zuzentzailea dauka zure blogeko mezuetan eta web bidez posta bidaltzean akatsik egin ez dezazun. Honela gauza garrantzitsuagoetaz ardura zaitezke.
Bilaketarako Iradokizunak
Firefox 2ko bilaketa motore batzuek pentsamendua irakurtzen dizute, eta bilatzen ari zarenerako gako-hitzak proposatzen dizkizute. Hasi idazten Bilaketa barran, eta iradokizunez beteriko zerrenda bat bistaratuko da goitik-behera. (Google, Yahoo! eta Answers.com motoreekin dabil)
Web Jarioa (RSS)
Zer dute komunean albiste titularrek, indie rock podcastek eta katakumeen irudiek? Guztietara harpidetu zaitezkela web iturrien bidez. Firefox 2k kontrol osoa ematen dizu web iturrien gainean, aurrebista bat erakutsiz eta nola harpidetu nahi duzun aukeratzen utziz. Firefoxen Lastermarka Dinamiko bat erabil dezakezu, edo ordenagailuan instalaturik duzun jario irakurlea, edo My Yahoo!, Bloglines edo Google Reader bezalako web zerbitzu bat.
Izenburu Dinamikoak
Zaindu gertutik enkante hori edo eskari baten egoera Firefox 2n Izenburu Dinamikoak ezaugarri berria erabiliz. Lastermarka baten etiketan sartzeko bezain trinkoak, Izenburu Dinamikoak sarritan eguneratzen diren web orri bateko informazio garrantzitsuenaren laburpenak dira. Orriko informazioa eguneratzen denean, Izenburu Dinamikoa ere aldatu egiten da. Egin froga Firefox 2n www.woot.com lastermarka eginez.
Bilaketa Barneratua
Firefoxek bila zabiltzana aurkitzen laguntzen dizu, bilatzen duzuna bilatzen duzula. Bilaketa barran hasieratik Google, Yahoo!, Amazon, eBay, Answers.com eta Creative Commons motoreak dituzu. Webeko edozein tokitan zaudela bilaketa kate bat sar dezakezu barra horretan eta aukeratu duzun motorearen emaitzak berehala eskuratu. Beste bilaketa motore bat aukera dezakezu barran edozein unetan, eta baita motore berriak gehitu ere zure webgune gogokoenetan bilaketak egiteko.
Lastermarka Dinamikoak
Firefoxen Lastermarka Dinamikoek web jarioak ikustea ahalbidetzen dizute, hala nola albiste eta blogetako izenburuak lastermarken tresnabarran edo menuan. Begirada batez, izan zure webgune gogokoenetako azken izenburuen berri eta klikatu zuzenean interesatzen zaizkizun artikuluetara joateko.
Pop-up Blokeatzailea
Firefoxek ikusten ari zaren web orrien kontrola ematen dizu, pop-up gogaikarriak blokeatuz. Firefoxen pop-up blokeatzaileak pop-upak blokeatzen diren aldiko informazio barraren bidez edo pantailaren azpikaldean eskumatara dagoen ikonoaren bidez jakinarazten dizu.
Interfaze Erabilterrazagoa
Firefox 2ko erabiltzailearen interfazea eguneratu egin da erabilgarritasuna hobetzeko baina nabigazio esperientziaren familiartasuna kaltetu gabe.
Irisgarritasuna
Firefoxek nabigazio esperientzia hobea eskaintzen du edonorentzat - baita ikusmen arazoak dituztenentzat ere. Firefoxek DHTML irisgarritasuna jasaten du. Web garatzaileek dokumentuetan nabigatzeko tabulatzailea hainbestetan erabili beharrik ez edukitzeko moduko orriak sor ditzakete mugikortasun arazoak dituztenek hainbeste teklatu beharrik ez izateko. Firefoxek gainera Microsoft Active Accessibility jasaten du, Microsoften irisgarritasunerako API estandarra Windowserako. Jasangarritasun honi esker Firefoxek pantaila irakugailuekin lan egin dezake, hala nola GW Microren Window-Eyes eta Freedom Scientificen JAWSekin.
Nabigatu Segurtasunez
Sarea leku ederra da, baina batzuetan jende gaiztoarekin egingo duzu topo. Firefoxek spyware, scammer eta spammerrengandik babesten zaitu egunean 24 orduz eta astean 7 egunez, zaindari baten eta komunitate grinatsu baten indarra erabiliz.
Phishingaren Aurkako Babesa
Phishingaren aurkako babesak Firefoxen segurtasuna maila berri batera darama, zure finantza informazioa gordez eta nortasun lapurretatik babestuz. Kopia faltsu gisa susmopean dagoen webgune batera sartzen zarenean (“phishing” gune gisa ezagutzen dena) Firefoxek jakinaren gainean jarriko zaitu eta baita bilaketa orri batera joateko eskaintza egin ere bertan bila zabiltzan benetako webgunea aurki dezazun.
Iturburu Irekia, Seguruagoa
Firefoxen bihotzean iturburu irekiko garapen prozesu bat dago, mundu osoko milaka garatzaile grinatsu, esperientziadun eta segurtasun adituk gidatzen dutena. Gure irekitasunak eta adituen komunitate aktiboak ziurtatzen dute gure produktuak seguruagoak eta berehala eguneratuak izatea. Era berean hirugarrengoen segurtasun eskaneatze eta azterketa tresnek eskaintzen dizkiguten abantailak erabiltzea ahalbidetzen digu honela segurtasun orokorra areagotuz.
Eguneraketa Automatikoak
Firefoxen eguneraketa sistemak uneoro egiaztatzen du ea azken bertsioa darabilzun, eta segurtasun eguneraketa bat dagoenean berehala jakinarazten dizu. Segurtasun eguneraketa hauek txikiak izaten dira (gehienetan 200KB - 700KB artekoak), beharrezkoa dena soilik eskainiz eta segurtasun eguneraketa bizkor deskargatu eta instalatuz. Eguneraketa automatikoen sistemak Firefoxentzako eguneraketak eskaintzen ditu Windows, Mac OS X eta Linuxerako 40 hizkuntza ezberdin baino gehiagotan.
Spywarearen Aurkako Babesa
Firefoxek ez die webguneei programak deskargatu, instalatu edo abiarazten utziko zure onespen zehatzik gabe. Puntu. Edozein software deskargatu edo instalatzean jakinarazi egingo zaizu, eta Firefoxek beti esango dizu zer ari den gertatzen, honela zure konputagailua kontrola dezazun.
Garbitu Datu Pribatuak
Firefoxek zure web nabigazioko datu pribatu guztiak klik bakarrarekin garbitzeko gaitasuna eskaintzen dizu “Datu Pribatuak Garbitu” tresnarekin. Zaude ziur Firefoxetik datu pribatuak garbitzen dituzunean ez dela hauen aztarrenik geratuko - bai zure konputagailua erabiltzen bazabiltza baita liburutegikoarekin ari bazara ere.
Pertsonalizatu Zure Nabigatzailea
Aukeratu Firefoxi ezaugarriak gehitzen dizkioten milaka gehigarrien artean. Erraza da Firefox 2 zure gustora pertsonalizatzea.
Gehigarri Bat Bakoitzarentzat
Mila gehigarriren artean aukera dezakezu addons.mozilla.com webgunean. Firefoxentzako gehigarri bat lagungarri izan dakizuke denda bat besteekin alderatzeko, lastermarkak lagunekin partekatzeko, eguraldia nabigatzailearen ertz batean bistaratzeko, zure blogean idazteko, albisteak eskuratzeko, musika entzuteko - dena maite duzun nabigatzailean bertan. Zure nabigatzailearen itxura ere alda dezakezu - botoietatik kolore eta letra-tipoetara - honela zure estilo pertsonalera egokituz.
Gehigarrien Kudeatzailea Hedapen eta Gaientzako
Gehigarrien Kudeatzaile berriak hedapen eta gaiak kudeatzeko erabiltzailearen interfaze hobetua dauka, are errazagoa izan dakizun Firefox 2 pertsonalizatzea. Instalatu, desinstalatu, gaitu eta ezgaitu zure gehigarriak leku beretik.
Bilaketa Motoreen Kudeatzailea
Orain berehala gehitu, ezabatu eta berrordenatu ditzakezu zure bilaketa barrako bilaketa motoreak. Firefox 2k automatikoki antzematen du webgune batek instala daitekeen bilaketa motorea daukanean, eta goitik-beherako menuan klik bakarrarekin instalatuko du.
